Kode irekiko hardware
Kode Irekiko Hardwarea edo hardware librea —ingelesez: ''Open Source Hardware, OSHW edo open hardware'', gaztelaniaz: ''Hardware de Fuentes Abiertas edo hardware libre''— diseinua publikoki eskuragarri duen gailu elektroniko edo hardwarea da, edozein pertsonak aztertu, aldatu, banatu, eraiki eta saldu ahal izateko moduan, bai diseinua bera zein diseinu horretan oinarritutako hardwarea. Hardwarearen iturria, sortzeko erabili den diseinua, eraldatu ahal den formatu egokian -fitxategietan- eskuragarri dago.
Idealki, Kode Irekiko Hardwareak erraz eskuratu daitezkeen osagai eta materialeak, prozesu estandarizatuak, azpiegitura irekiak, murrizketa gabeko edukiak eta kode irekidun diseinu tresnak erabiltzen ditu, gizabanakoen hardwarea sortu eta erabiltzeko gaitasuna maximizatzeko.
Kode Irekiko Hardwareak, diseinuen elkartruke irekiaren bitartez, teknologia kontrolatzeko askatasuna ematen du, eta, aldi berean, ezagupena elkartrukatzeko eta komertzioa sustatzeko. [1] [2]
Eduki-taula
Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eztabaida zabalak izan dira hardware librea software librea bezain eskuragarria egiteko bideei buruz. Eztabaidetan hainbat eremu jorratu dira, tartean kode irekiko hardwarea zein mailatan definitzen den, hardwarearen garapenerako elkarlan erak, eta garapen iraunkor ereduak kode irekiko teknologia aproposak sortuz.[3][4] Honetaz gain lan haundia egin da kode irekiko hardware zientifikoa sortzeko, kode irekiko elektronika eta 3d inprimagailuak bateratuz.[5][6]
Kode irekiko softwarea eta kode irekiko hardwarea garatzearen harteko alde haundienetako bat, azken honen emaitza ukigarria dela, eta prototipatze eta fabrikatzeak diru kostu bat daukala da. Kode irekiko hardwareak, kostuak gutxitu eta proiektu garatzaile indibidualek har ditzaketen arrisku ekonomikoak gutxitzeko erronkak dituelarik, komunitateko kide batzuk honen inguruan eredu batzuk proposatu dituzte.[7] Honela, finantzaketa mekanismo iraunkorrak garatzeko ekimenak daude, tartean Open Source Hardware Central Banka. Proiektu garatzaile indibudualek Kickstarter bezalako crowdfunding plataformak erabili ditzakete finantziazioa lortzeko.
Lizentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lizentzia berri bat sortu beharrean, kode irekiko hardware proiektu batzuetan dagoeneko existitzen diren software libreko lizentziak erabiltzen dira. Lizentzia hauek patente legeekin bat ez etortzea gerta daiteke.[8]
Honetaz gain, lizentzia berri batzuk proposatu dira. Hauek hardware diseinuen arazo espezifikoak heltzeko diseinatuak daude. Lizentzia hauetan kode irekiko softwarearen (OSS) oinarrizko printzipioak hardware proiektu baliokideetara "portatu" dira. Erakundeek konpartitutako lizentzia baten inguruan elkartzeko joera daukate. Adibidez, OpenCores-ek LGPL edo moldatutako BSD lizentziak aukeratzen ditu,[9] FreeCores-ek GPL, Open Hardware Foundation-ek copyleft edo "beste lizentzia permisibo" batzuk, Open Graphics Project-ek hainbat lizentzia erabiltzen ditu, tartean MIT lizentzia, GPL, eta lizentzia jabeduna[10] eta Balloon Project-en beraien lizentzia idatzi zuten. Hardware lizentzia berriak askotan software libreko lizentzia ezagunen "hardware baliokide" bezala azaltzen dira, adibidez GPL, LGPL, edo BSD lizentziak.
Azalean software lizentzien antza badute ere, funtsean hardware lizentzia gehienak desberdinak dira: berauen izaeragatik, patente legeekiko menpekotasun haundiagoa daukate copyright legeekiko baino. Copyright lizentzia batek iturburu kodearen banaketa eta diseinu dokumentuak kontrolatzen dituen bitartean, patente lizentzia batek diseinu dokumentuetan oinarritutako gailu fisiko baten fabrikazio eta erabilpena kontrolatu ditzake. Bereizketa hau esplizituki aipatzen da TAPR Open Hardware License lizentziaren atarikoan: "... those who benefit from an OHL design may not bring lawsuits claiming that design infringes their patents or other intellectual property." -Kode Irekiko Hardare diseinu bat erabiliz onuratutakoek ezin dute demandarik aurkeztu diseinuak beraien patente edo beste jabetza intelektualen bat hausten dutela argudiatuz-.[11]
Lizentzia aipagarri batzuen hartean daude:
- The TAPR Open Hardware License: John Ackermann abokatuaren zirriborrotik hasita, OSS komunitateko Bruce Perens eta Eric S. Raymond buruek berrikusia, eta ehundaka bolondresek komunitate eztabaida ireki baten eztabaidatua.
- Balloon Open Hardware License: Balloon Project-en proiektu guztietan erabilia.
- Originalki software lizentzia bazen ere, OpenCores-ek LGPL lizentzia sustatzen du.
- Hardware Design Public License: Opencollector.org-eko administratzaile Graham Seamanek idatzia.
- 2011 martxoan CERNek CERN Open Hardware License lizentzia jaurti zuen,[12] Open Hardware Repository gordailuarekin [13] eta beste proiektu batzuetan erabiltzeko asmoarekin.
- The Solderpad License[14]: Apache License version 2.0 lizentziaren bertsioa, Andrew Katz legegileak hardware erabilpenerako egokitzeko zuzendua.
Kode Irekiko Hardwarearen definizioa, Open Source Hardware Associationen -OSHWA- arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Open Source Hardware Association (OSHWA) Kode Irekiko Hardware komunitatearen ahotsa izateko asmoaz jaio den irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da.[15][16]
Elkarte honetako kideek, beste partehartzaile batzuekin batera, Kode Irekiko Hardwarearen definizio zirriborroa garatu zuten freedomdefined.org wikian, 2010etik aurrera. [17] Definizioaren 1.0 bertsioa OSHWAren webgunean publikatu zen. Ingelesezko definizioa 11 hizkuntzatara itzulia dago (2015eko apirilean).
Definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Kode Irekiko Hardware (OSHW) Printzipio Deklarazioa 1.0
Kode Irekiko Hardwarea (ingelez Open Source Hardware, OSHW) diseinua publikoki eskuragarri duen hardwarea da, edozein pertsonak aztertu, aldatu, banatu, eraiki eta saldu ahal izateko moduan, bai diseinua bera zein diseinu horretan oinarritutako hardwarea. Hardwarearen iturria, sortzeko erabili den diseinua, eraldatu ahal den formatu egokian eskuragarri dago. Idealki, Kode Irekiko Hardwareak erraz eskuratu daitezkeen osagai eta materialeak, prozesu estandarizatuak, azpiegitura irekiak, murrizketa gabeko edukiak eta kode irekidun diseinu tresnak erabiltzen ditu, gizabanakoen hardwarea sortu eta erabiltzeko gaitasuna maximizatzeko. Kode Irekiko Hardwareak, diseinuen elkartruke irekiaren bitartez, teknologia kontrolatzeko askatasuna ematen du, eta, aldi berean, ezagupena elkartrukatzeko eta komertzioa sustatzeko.
- Kode Irekiko Hardware (OSHW) 1.0 definizioa
Kode Irekiko Hardware (Open Source Hardware, OSHW) 1.0 definizioa Kode Irekiko Softwarearentzako Kode Irekiaren definizioan oinarritzen da. Definizio hori Bruce Perensek eta Debianen garatzaileek sortu zuten «Debianentzako Software Librearen Estilo Gida» -Debian Free Software Guidelines- bezala ezagutzen da.
- Sarrera
"Kode Irekiko Hardware" (Open Source Hardware, OSHW) berauen diseinuak edozeinek eraiki, eraldatu, banatu edo erabili ahal izateko moduan publikoki jaurti diren tramankulu ukigarriak -makina, gailu edo beste objektu fisiko batzuk- izendatzeko termino bat da. Definizio honek "Kode Irekiko Hardware" lizentzien garapen eta ebaluaziorako gida bat emoteko asmoa du.
Hardwarea softwarearengandik desberdina da, objektu fisikoak sortu ahal izateko baliabide fisikoak erabiltzea beti beharrezkoa bait da. Ondorioz, OSHW lizentziapean okjektuak ("produktuak") sortzen dabiltzan pertsona edo konpainiek produktu hauek jatorrizko diseinatzaleak ez dituela eraiki, saldu, bermetu edo edozein eratan baimendu argi uzteko obligazioa dute, eta gainera ezingo dute jatorrizko diseinatzailearen jabetzapeko markarik eribili.
"Kode Irekiko Hardware"aren banaketa baldintzek hurrengo kriterioak bete beharko dituzte:
- 1. Dokumentazioa
Hardwarearekin batera diseinu fitxategiak barneratzen dituen dokumentazioa jaurtiko da, eta diseinu fitxategien aldaketa eta banaketa baimenduta egon beharko da. Dokumentazioa produktu fisikoarekin batera ez doanean, era argian azalduko da arrazoizko erreprodukzio kostua baino handiagoa ez duen dokumentazioa lortzeko era, lehentasunez kargu gabeko Internet bidezko jaitsiera. Dokumentazioan diseinu fitxategiak barneratu beharko dira, aldaketak egitea uzten duen formatu batean, CAD programa baten formatu natiboan adibidez. Diseinua nahita ezkutatzen duten fitxategiak ez daude baimenduta. Kode konpilatuaren antzeko formatu bitartekoak ere -CAD programa batetik eratorritako inprimatzeko prest dauden kobrezko xaflak adibidez- ez dira ordezko bezala baimentzen. Lizentziak diseinu fitxategiak zeharo dokumentatutako formatu irekian(etan) banatzea eskatu dezake.
- 2. Norainokoa
Hardwarearen dokumentazioak argi utziko du diseinaren zein parte, osoa ez denean, askatzen den lizentziapean.
- 3. Beharrezko softwarea
Lizentziatutako diseinuak softwarea behar badu, bai txertatua, edo era egokian operatu eta bere funtzio basikoak betetzeko, lizentziak hurrengo baldintzetatik bat betetzea eskatu dezake:
a) Interfazeak nahiko dokumentatuak egotea, gailua era egokian operatu eta bere funtzio basikoak betetzea ahalbidetzen duen kode irekiko softwarea idaztea aintzakotzat hartzeko modukoa izanik. Adibidez, dokumentazioaren denbora seinale diagrama zehatzak edo interfazearen operazioa argi erakusten duen pseudokodea barneratu daitezke.
b) Beharrezko softwarea OSI-k aprobatutako software irekiko lizentzia batekin askatzea.
- 4. Lan eratorriak
Lizentziak aldaketa eta lan eratorriak baimendu beharko ditu, eta hauek lan originalaren lizentziaren baldintza berdinetan banatzea baimenduko du. Lizentziak diseinu fitxategietan oinarritutako produktuak, diseinu fitxategiak eurak, eta hauengandik eratorritakoak eraikitzea, saltzea, banatzea eta erabiltzea baimenduko du.
- 5. Banaketa librea
Lizentziak ezingo dio inori proiektuaren dokumentazioa saldu edo banatzea mugatu. Lizentziak ezingo du esandako salmentagatik jabetza eskubiderik ordaintzea eskatu. Lizentziak ezingo du lan eratorrien salmentarekin loturiko jabetza eskubiderik ordaintzea eskatu.
- 6. Aitortza
Diseinu fitxategiak, eraikitako produktuak edo/eta hauen eratorriak banatzerakoan, lizentziak dokumentu eratorriek eta gailuei lotutako kopia eskubideen (copyright) jakinarazpenek lizentzitzaileen(aren) aitortza eman dezatela eskatu dezake. Lizentziak informazio hau azken erabiltzailearentzat gailua era normalean erabiliz eskuragarri egotea eskatu dezake, baina ezingo du erakusteko formatu zehatz bat zehaztu. Lizentziak lan eratorriek jatorrizko lanaren izen edo bertsio zenbaki desberdin bat eramatea eskatu dezake.
- 7. Pertsona edo taldeen aurkako diskriminazio eza
Lizentziak ezin du pertsona edo pertsona talde bat ere diskriminatu.
- 8. Erabilera eremuen aurkako diskriminazio eza
Lizentziak ezin dio inori lana (eraikitako gailua barne) erabilera eremu espezifiko baten erabiltzea mugatu. Adibidez, ezingo du hardwarea negozio batean erabiltzea edo ikerketa nuklearrean erabiltzea mugatu.
- 9. Lizentziaren banaketa.
Lizentziak emoten dituen eskubideak lana banatzen zaien guztiei aplikatuko zaizkie, lizentzia gehigarri bat gauzatzeko beharrizanik gabe.
- 10. Lizentzia ez da produktu batekiko espezifikoa izan behar.
Lizentziak emoten dituen eskubideak ez daude lizentziatutako lana produktu zehatz baten parte izatearen menpe. Lizentziaturiko lan baten parte bat lizentziaren zehaztapenen barnean erabili edo banatzen bada, lana banatzen zaien guztiek jatorrizko lanak emoten dituen eskudide berdinak izan beharko dituzte.
- 11. Lizentziak ezingo du beste Hardware edo Softwarerik mugatu
Lizentziak ezingo die mugarik jarri lanari gehitutako baina honengandik eratorriak ez diren elementuei. Adibidez, lizentziak ezin du behartu lizentziaturiko gailuarekin batera saltzen den hardware guztia kode irekikoa izatea, ez eta kode irekiko softwarea erabiltzea behartu gailua kontrolatzeko.
- 12. Lizentzia teknologikoki neutrala izan behar da.
Lizentziaren klausula bat ere ez da teknologia espezifiko baten, osagai edo parte zehatz baten, materiale baten edo interfaze estilo edo beronen erabilpen baten menpeko izango.
- Azken hitzak
Kode Irekiko Hardware definizio honen sinatzaileok kode irekiko mugimenduak informazioa elkarbanatzeko era bat bakarrik ordezkatzen duela onartzen dugu. Irekitasun eta elkarlan era guztiak sustatu eta babesten ditugu, definizio honekin bat etorri ala ez.
Negozio ereduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kode Irekiko Hardwarea sortzen duten enpresak negozio eredu desberdinak esperimentatzen ari dira. Arduinok, adibidez, Arduino izena marka bezala erregistratu du. Diseinuak irekiak izanik edozeinek fabrikatu ditzake, baina ezin dute Arduino izena baimen gabe erabili. Honela beraien produktuak jatorrizko izenarekin bereizten dituzte.[8] Badaude hainbat negozio eredu erabilgarri Kode Irekiko Hardwarea inplementatzeko, enpresa tradizionaletan ere. Adibidez, garapena eta berrikuntza azkartzeko industria fotovoltaikoak sozietate kolektibo, frankizia, banantzaile sekundario eta guztiz kode irekiko ereduekin esperimentatu du.
Kode Irekiko Hardware proiektu aipagarri batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arduino[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arduino prototipo elektronikoak egiteko kode irekiko hardware -eta software- plataforma bat da. Artista, diseinatzaile eta ikasle-irakasleentzat pentsatua dago, baita hobby gisa objektu nahiz ingurune interaktiboak sortzea helburu duen edozeinentzat ere. Oinarrian, ATMEGA etxeko xx8 mikrokontrolagailua du. Hori plataformaren burmuina litzateke, eta Arduino Programing Language (Wiring-en oinarritua) nahiz Arduino Development Enviroment (Processing-en oinarritua) erabiliz programatzen da. [18]
Arduinoa bera proiektu oso bat izateaz gain, beste Kode Irekiko Hardware proiektu batzuetan ere erabiltzen da. Proiektu batzuetan espresuki proiektu zehatz horretarako Arduinoren eratorri bat sortu da, edo hedapen plaka bat. Arduinoa erabiltzen duten beste Kode Irekiko proiektuen adibide bezala RepRap proiektua eta ArduPilot proiektuan oinarritutako droneak dira.
RepRap Proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
RepRap Proiektua 3d inprimagailu autoerreplikagarriak sortzeko helburua duen proiektu komunitario bat da. RepRap -replicating rapid prototyper- inprimagailuarekin berau osatzen duten pieza gehienak sortu ahal dira, RepRap gehiago egin ahal izateko kit berriak sortuz. Helburua edozeinek bere inprimagailua egin, eta beste batzuei inprimagailu gehiago egiteko piezak eman ahal izatea da. RepRap inprimagailuek Arduino Mega mikrokontrolagailua dute oinarri.[19]
Aurreikerlan baten arabera, produktu komunak inprimatzeko RepRap bat erabiltzeak berau sortzeko egindako inbertsioa justifikatzen du.[20]
Open Source Ecology[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Open Source Ecology (OSE) nekazari, ingeniari, arkitekto eta jarraitzaile sare bat da. Hauen helburu nagusia elkarlan irekiaren bitartez ekonomia libre bat lortzea da.[21] Honetarako Global Village Construction Set (GVCS) delakoa -herri globala eraikitzeko makina sorta- sortzen ari dira. Bizitza modernodun zibilizazio txiki bat eraiki ahal izateko behar diren 50 industria makina garrantzitsuenak hautatu dituzte -3d imprimagailua, haize-sorgailua, hondeamakina edo mikro-etxe bat adibidez- bakoitza kode irekiko hardware bezala garatzeko asmoarekin. 2014an, makina bakoitzaren garapen mailak desberdinak dira: batzuk ia guztiz osaturik dauden bitartean, beste batzuk oraindik hasi gabe daude.[22]
Egoitza nagusia Factor e Farm baserria da, Missourin kokatua. Bertan makinen prototipoak sortu eta probatu egiten dituzte. Baserriak berak prototipo funtzioa betetzen du. Bertakoek janaria produzitu, euri-ura batu eta behar duten elektrizitatea panel fotovoltaikoekin lortzen dute.
Open Source Ecology Europan ere garatzen ari da OSE Europe izenarekin.[23] Euskal Herrian ere bada proiektu honetan lan egiten duen komunitatea.[24][25]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ Open Source Hardware Association, definizioa ingelesez
- ↑ Open Source Hardware Association, definizioa gazteleraz
- ↑ (Ingelesez) Open Source Hardware Initiative. How open source electronics and hardware can be feasible, reproducible, and implementable. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) Joshua M. Pearce, Christine Morris Blair, Kristen J. Laciak, Rob Andrews, Amir Nosrat, Ivana Zelenika-Zovko: 3-D Printing of Open Source Appropriate Technologies for Self-Directed Sustainable Development. Journal of Sustainable Development, vol 3 no 4, 2010. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) Joshua M. Pearce: Building Research Equipment with Free, Open-Source Hardware. Science, 2012-09-14. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) Joshua M. Pearce: Open-Source Lab:How to Build Your Own Hardware and Reduce Research Costs, Elsevier, 2014. ISBN 9780124104624
- ↑ (Ingelesez) Gregory M. Pomerantz: Business Models for Open Source Hardware Design. (2000). (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ a b (Ingelesez) Clive Thompson: Build It. Share It. Profit. Can Open Source Hardware Work?. (2015eko apirilaren 20an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) What license is used for OpenCores?. OpenCores webgunea. (2015eko apirilaren 20an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) FrequentlyAskedQuestions. Open Graphics Project wikia. (2015eko apirilaren 20an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) The TAPR Open Hardware License. TAPR webgunea. (2015eko apirilaren 20an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) CERN Open Hardware Licence. (2015eko apirilaren 20an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) Open Hardware Repository webgunea. (2015eko apirilaren 20an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) The Solderpad Hardware License. (2015eko apirilaren 20an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) About Open Source Hardware Association. Open Source Hardware Association webgunea. (2015eko maiatzaren 17an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) Toni Klopfenstein: How to get involved with the Open Source Hardware Association. opensource.com webgunea, 2015-04-23. (2015eko maiatzaren 17an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) OSHW, freedomdefined wikian. (2015eko maiatzaren 17an ikusia).
- ↑ Aitor Aspiroz: Arduinoa Ikastetxean. Oteitza Lizeo Politeknikoa, Ikastolen Elkartea. (CC-BY-SA, Aitor Aspiroz)
- ↑ (Ingelesez) RepRap webgune ofiziala
- ↑ (Ingelesez) B.T. Wittbrodta, A.G. Glovera, J. Lauretoa, G.C. Anzaloneb, D. Oppligerc, J.L. Irwind, J.M. Pearce: Life-cycle economic analysis of distributed manufacturing with open-source 3-D printers. (beste lotura bat). ScienceDirect, 2013-06-02. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) The mission of Open Source Ecology (OSE) is to create the open source economy.. OSE webgunea. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) Machines: Global Village Construction Set. OSE webgunea. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) OSE Europe wikia. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Ingelesez) Burutek. Basque OSE. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
- ↑ (Euskaraz) Mikel Azkarate-askasua: Hardware librea: zertaz ari gara?. etzi.pm, 2014-11-05. (2015eko apirilaren 24an ikusia).
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- (Ingelesez) Kode Irekiko Hardware proiektuen zerrenda
- Software libre
- Formatu ireki
- Arduino
- RepRap Proiektua
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu eta elkarrizketak
- (Euskaraz) Mikel Azkarate-askasua: Hardware librea: zertaz ari gara?. etzi.pm, 2014-11-05. (2015eko apirilaren 24an ikusia). CC-BY-SA-4.0
- (Euskaraz) Josu Jugo: Arduino, Raspberry Pi eta beste batzuk: Hardware librearen bidea. zientziakaiera.eus, 2015-02-19
- (Euskaraz) Open Hardware e Impresión 3D. Burutek, Asociación para el Desarrollo de Soberanía Tecnológica
- (Euskaraz) David Cuartellesi (Arduino erakundearen sortzailekide eta jabekidea) elkarrizketa. SALE, Software askea libre Euskadin, 2014-05-30. CC-BY-SA-4.0
- (Euskaraz) RepRap I, II eta III. alt2016
- Webguneak
- (Ingelesez) Open Source Hardware Association (OSWHA)
- (Ingelesez) Arduino webgunea
- (Ingelesez) (Gaztelaniaz) RapRap webgunea ingelesez, gazteleraz
- (Ingelesez) Open Source Ecology, OSE Europe
- (Euskaraz) (Gaztelaniaz) Basque OSE